Berriak
Atzealdea

Udal espazioak ixteko erabakia hartu du Udalak

Udalak koronabirusaren aurrean hartutako neurriak.

2020·03·12


Osasun sailak, Osakidetzak eta Hezkuntza sailak azken orduetan COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean eta ikastetxe-jarduera presentziala aldi baterako eteteko hartutako erabakiaren ondorioz, Ormaiztegiko Udalak bere ardurapean dauden udal azpiegituretan eskaintzen den zerbitzua eteteko erabakia hartu du.

Honela bada, Gizarte Etxeko Udal Liburutegia eta Gaztelekua itxita egongo dira. Gizarte Etxeari dagokionez taberna irekita mantenduko da bestelako gomendiorik ematen ez den bitartean, eta ileapaindegiak zerbitzua eskainiko du aurretiko txanda hartuz. Era berean, gaixotasunaren aurrean ahulezi egoera nabarmena duten adineko pertsonen babes neurri gisa, jubilatuen egoitza eta adinekoen Eguneko Arreta Zerbitzua  ere itxita egongo dira, ttipi-ttapa jarduera bertan behera geratzen delarik. Gainera, udal azpiegituretan ematen diren adin guztiei eskainitako kirol ikastaroak ere itxi egiten dira (yoga, pilates, gazte-zunba, judo...).

Udal esparrurako emandako gomendioen arabera, aldi baterako, koronabirus - COVID19 - infekzio kasuen ondorioz eta infekzio-kopuruak gora egingo duela aurre ikusita, babes neurri gisa eta oro har adineko herritarrak babesteko xedez, jende pilaketak ematen diren espazioetara ez joateko gomendioa ematen da.

Etenaldi honek printzipioz 15 eguneko iraupena izango du.

Ormaiztegiko Udalak babes neurriak abian jarri ditu; bereziki garbitasun zerbitzuan protokolo berezia aplikatu duelarik bere ardurapeko eraikuntzetan. Era berean gomendatzen da udal bulegoetan egin beharreko kontsultak telefonoz egitea eta tramitazio elektronikoa erabiltzea aurrez aurreko harremana gutxitze aldera.

Proposatzen diren gomendio eta neurri hauek lehendik ere koronabirusa prebenitzeko herritar orori zabaldutakoei batu zaizkie; eskuak sarri garbitzea ura eta xaboiarekin, eztul edo doministiku egitea ahoa estalita besaurrearekin edo mukizapi batekin eta ondoren zakarrontzira bota, eta sukarra edo edozein sintomaren aurrean (arnas estua, eztula...) 900203050 zenbakira deitu.