Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2015/01/27
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa

Historia 

Ormaiztegi herri txiki bat bakarrik ez zen, 1384ko martxoaren 22an Segurako hiriari gehitu zitzaionean, banderiza eta bandidu nobleen gehiegikeriengatik, hiri guztiek eskaintzen zuten babesa lortzeko asmoz. Haiek gozatzen zituzten pribilegioetatik ere etekinak ateratzea lortzen zuen. Honen truke Segurako alkatearen aginpide judiziala onartu behar izan zuen eta sor zitezkeen interes amankomuneko gastuak ordaintzen konprometitu. Hala ere, bere mugen zedarripenean ez zuen amorerik eman, ez mendi ezta beste ondasunen kasuan ere, ezta ekonomi administrazioa ere, berea bezala eta independiente mantendu zuelarik.

Hiru urte beranduago, 1387ko otsailaren 2an, Juan I.ak, Gaztelako erregeak, bi herrien arteko konkordia Avilan baieztatu zuen. Honen ondorengoak, Enrique IIIak, akordioa berretsi zuen Madrilgo gorteetan 1393ko abenduaren 15ean. Baldintza hauetan igaro ziren berrehun eta hogeitamaika urte. Felipe IIIak berezko hiri titulua, inperio soil eta mixtoarekin, jurisdikzio zibil eta kriminalarekin, eskaini zion 1615ean.

Kontsezio honek ordurarte hiri matrizarekiko lotura horren desagerpena baimentzen zuen, baita alkate arrunteko udaletxe baten sorrera ere. Serapio Mugika ormaiztegiarraren esanetan, honengatik, Ormaiztegik orduan zituen 123 biztanle bakoitzeko 68,75 pezeta ordaindu behar izan zizkion erret haziendari. 1615. urtea amaitu gabe zegoela, hiri independiente gisa bere jabetza hartzera joan zen Batzar Orokorretara.

Dena den, laster konturatu zen ahaldun baten dietak herri txiki baterako gastu handia zela, eta gainera, garrantzi gutxi zuen asanbladan. Horrela, beste hiri txiki eta berriekin batuz, hala nola, Astigarreta, Gudugarreta, Zerain eta Mutiloarekin, San Estebango Batasuna osatu zuen 1617ko apirilaren 4ean, bost hirien ordezkapen mankomunaturik zeraman ahaldun bat bidaltzeko asmoz, horrela, beste batzarkideen aurrean laguntza gehiago izanik. 1637ean taldeak izena aldatu zuen "Zegamakoa" deituz, herri hau gehitu zitzaielako, baina ez zituen bere helburuak aldatu.

Lehen aipatutako bi hiriak eta Ormaiztegikoak ere Areriako Alkatetza Nagusira aldatzea erabaki zuten 1679eko maiatzean, orduan ere xede berdinei jarraitzen zitzaizkien; berriztasun batzuen ondoren, 1862an anaiarte honetan mantentzen zen.

Guda karlistak XIX. mendean izan ziren, 1834ko amaieran "Ormaiztegiko" deituriko ekintza gertatu zelarik. Hiri honetakoa da, bestalde, Tomas Zumalakarregi (1788-1835), gertaera hauetako aparteko protagonista. Trenzubi ospetsua ere mende honetan eraiki zen. (Informazio gehiago nahi izanez gero, trenzubiari buruzko ikerketa lanera jo).

Serapio Mugikak Euskal Herri-Nafarroako Geografia Orokorrean dio, Iparraldeko trenbidearen eraikin lanetan (1864-1869) Ormaiztegi izan zela, inguruko eraikin lan garrantzitsuen, tunel, trenzubi, luebaki eta lubeten egile, langile eta konstruktore askori harrera egin ziena; hori dela eta, herrian zenbait establezimentu berezko ireki zituzten, jende honek jateko eta denbora emateko: ostatuak, kafetegiak, bilarrak, etb, irabazi handiak eskaintzen zituztenak eta ugaritasun garai haietan langileei ordaintzen zizkieten egunsari onek, lurren pobrezia zela eta, bizilagunak orokorrean bizi zituzten beharrak asko leundu zituztenak, nekazal zereginetan lasaiago aritzeko baldintzak eskainiz. Herriko armarriak zilarrezko soroa, kolore naturala duen harrizko dorre moztua du eta dorre honetatik eskuan ezpata biluziz armaturiko besoa eta atearen aurrean otso beltz ibiltaria.