Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2015/01/27
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa

Ekonomia 

Ormaiztegik, inguruko herriak bezala eta XX. mendeko hasierararte, bizi izan zuen egitura ekonomikoa nekazaritza eta abeltzaintzan oinarritzen zen. 1857. urtean, Serapio Mujikak dioenez, 60 baserri eta 35 bat etxe zituen, populazioaren gehiengoak lurlangintzatik eta abeltzaintzatik biziz. Garai honetan, XIX. mendearen erdi aldera, hain zuzen ere, garraiobideak jasandako aldaketek (errepideak eta trenbidea), nekazaritzan oinarritzen ez ziren beste iharduera berrien sorrera ekarri zuen, batez ere bainuetxeak, baina baita ere, inguruetako meategiak eraginda, pixkanaka industriarako joera hasiz.

Ormaiztegi bidegurutze baten inguruan egituratutako populazioa da. "Kotxe eta posten Errepideak" herria zeharkatzen du eta 1846-1848 urteen bitartean, Oñatik Gipuzkoari batzeko ezarritako baldintza betez , Legazpitik Oñatiraino iristen zen bidea eraiki zuten. Baina eragin handiko gertaera bat suertatu zen, burnibidearen eraikuntza, alegia (1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zen Ormaiztegiko trenzubia, Madril-Paris trenbideko obrarik garrantzitsuena).

Burnibidearen eraikuntzak eta bereziki trenzubiaren eraikuntzak, ordurarte guztiz ezezagunak ziren aukerak ekarri zituzten herrirako, Serapio Mujikak honako hau dio "Ormaiztegi fue el centro del alto personal que entendió la construcción de las importantes obras en túneles, trincheras terraplenes ,etc. que se hicieron en aquellos contornos, así como gran número de obreros y contratistas y con este motivo se abrieron en la villa varios establecimientos propios para el sustento y entretenimiento de estas gentes: posadas, cafés, billares, etc. que proporcionaron a muchos, pingües ganancias, que sumadas a los buenos jornales que se pagaban a los obreros en aquellos tiempos de abundancia, aliviaron en mucho la necesidad en que vivían la generalidad de los vecinos por la pobreza de las tierras, poniéndoles en condiciones de atender con más holgura en lo sucesivo a las faenas agrícolas".


"Zubipean aintzinako balnearioa kokatzen zen".
 

Madozek ere aipatzen ditu bere Espainiako Hiztegi Geografiko - Estadistiko-Historikoan, herriko uraren berezitasun eta ugaritasunak, hauei esker hiru errota zeudelarik. Baina gertakizunik garrantzitsuena 1853. urtean gertatu zen, sulfurozko urei etekinak ateratzeko asmoz, elkarte bat eratzen denean. Momentu horretan, herriaren ospea eragingo duen Bainuetxea sortzen da eta bainuhartzaile asko erakarri zituen, zerbitzuen sektorea garatuz, Ezkurdia eta Elosegi ostatuak, baita Berjaldegi, Eliztondo eta geltokiko kantina ere dira horren adibide, guzti hau 630 biztanleko herri batean.

1888.urtean Ormaiztegik tren geltokia lortu zuen (1891an inauguratua), herriarentzat aukera ekonomiko berriak sortaraziz. Mutiloa eta Zeraingo mehategietako minerala geltoki honen bitartez bideratzen zen.

XIX. mendeko erdialdetik aurrera Ormaiztegik, ekintza eta bizimodu berriei aurre egiteko, azpiegitura ezinhobea zuen: burnibidearen eta trenzubiaren eraikuntzak, ormaiztiarren artean eskola egin zuten langile espezializatuen presentzia eragin zuten, milaka langile euskaldunekin batera, injinari frantzesen gidaritzapean lan eginez.

Ikusi dugunez, ostatu zerbitzuak garapen nabaria bizi izan zuen, lehendabizi burnibidearen lanetan parte hartutako tekniko eta espezialisten eskakizunei erantzuteko eta geroxeago berriz, bainuetxera zetozen bainuhartzaile talde handientzat, diru iturri berriak sortuz.

Serapio Mujikaren hitzen arauera, ormaiztiarrak hobeto bizi ziren, nahiz eta gehienek lurgintzan jarraitu, bakar batzuk hasi ziren beste aukerak bilatzen. Herriak komunikazio aukera ezinhobeak zituen ekimen berri guzti hauek aurrera eramateko.

XIX. mendeko bigarren erdialdean, beste herrietan bezala, bizilagunen eskakizunak erantzuten zituzten artisauak zeuden, hauen artean zurginak nabarmenduz. Artisau hauen eboluziotik, gaur egunerarte iritsi diren industri ekimenak sortu dira.

Egoera honek Ormaiztegiren industrializazioa herriko familiei loturik egotea ekarri du.

Gaur egungo Irizar S. Coop. ak Irizar familiako aroztegian du bere aintzindari argia. Eboluzioaren jatorria Uherkalde baserriko aroztegian zegoen, bertan, idi parez tira egiteko gurdiak egiten ziren, gero, Berjaldegi-berrin kokatutako zerrategian diligentziak egiteari ekinez. 1925. urtean, Irizatarrak egurra mekanizatzeko makinez osatutako industri nabean kokatu ziren. 1948an atera zuten lehen karrozeria metalikoa. Pabiloi hauetan kokatzen da gaur egun ezagutzen dugun IRIZAR KARROZERIaren gune nagusiena.

Irizatarren zurgintza zaletasunak ordea, beste adierazle desberdin batekin egin zuen topo eta oihartzun izugarria lortu zuen, San Antonio Altzariekin, alegia, 1936an itxi zirelarik. Azken altzariak Amsterdameko Espainiaren Enbajadarako egindakoak izan ziren.

Irizar familia honetik zetorren ere, Alegia auzoko lurretan egon den Fundiciones y Laminaciones izeneko lantegia.

Lasatarrena da, Ormaiztegiko industri ekimenei lotutako beste familia bat. Jose Mari Lasa, alternadore eta motore elektrikoen lantegiaren sortzailea eta bultzatzailea izan zen, lehenengo SOLI (JML), eta ondoren ONENA (JML) sortuz. Hemendik abiatu ziren, oraindik motore elektrikoen inguruan lan egiten duten beste industri ekimen batzu, Beasaingo INDAR, ONENAko lehengo langileek sortutakoa, Eraikuntza Elektromekanikoak LETAG eta Gipuzkoa Eraikuntza Elektrikoak, Lasa familiako kideak osatutakoa.

Dena den, beste industri iharduera batzuk ere aipatu beharrekoak dira, adibidez, mende hasierako (1913) Forja y Estampación Juan Azurmendi, lehen txikori lantegia izandako lurretan kokatua.

Cerámica Zelaikoa, Hijos de Andrés Telleria, teila eta adreilu lantegiak ere ekimen garrantzitsua burutu zuen. Gabiriko Alkain baserriko Andres Telleriak empresa honetaz jabetu zen mende hasieran.

Azkenik, Carlos Garciaren, "Fábrica de tintas de imprenta, pinturas, esmaltes y barnices" aipatu behar dugu.

(Testu honetan aipatzen diren zenbait datu Arantxaxu Garmendiaren "Industrializazioaren lehen urratsak Ormaiztegin: Construcciones Electromecánicas Onena -José Mª Lasa-" lanetik ateratakoak dira).