Bilatzailea:

Hasiera Agenda osoa erakutsi

24.KORRIKAK ORMAIZTEGI ZEHARKATUKO DU MARTXOAREN 28AN, LARUNBATA, GOIZEKO 9:05ETAN

24.KORRIKAK ORMAIZTEGI ZEHARKATUKO DU MARTXOAREN 28AN, LARUNBATA, GOIZEKO 9:05ETAN

Korrika

2026/03/19(e)tik, 2026/03/29(e)ra

Lekua: Ormaiztegi

Inoizko parte-hartzaileena izatea du helburu aurtengo Korrikak


24. KORRIKAren ibilbidea prest da: 3436 lekuko - hartze izango dira 24. KORRIKAn zehar, eta 2175 kilometro izango ditu aurten ibilbideak, beraz, inoiz baino parte hartzaileagoa aurreikusten da lasterketa. Edizio honetan, euskararen aldeko ekimen erraldoia Atharratzetik aterako da martxoaren 19an, eta, hamaika egunez Euskal Herri osoa igaro ostean, Bilbon amaituko da, hil bereko 29an, gutxi gorabehera 460 herritatik igaro ostean. Ibilbidearen xehetasunak KORRIKA aplikazioan azaldu dira esklusiban, eta bertan zein webgunean kontsulta daiteke nondik igaroko den Kilometroak eskuratzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.

Abiatzea, Atharratzetik
Ohiturari jarraikiz, aurreko Korrika amaitu zen lurraldean hasiko da oraingoa: Xiberoan, hain zuzen ere. Aurkezpen-egunean iragarri bezala, Atharratzek emango dio hasiera Korrikari, hainbat arrazoirengatik; nagusia, hauxe: Korrikaren "itzalguneetako" bat da Xiberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen (4. KORRIKA); hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.

Alta, euskara sustatzeko eta karrikaratzeko beharra sekulan baino agerikoagoa da bertan: Xiberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek argira dakarte etxeko transmisioa eten egin dela, eskola-transmisioak ez duela % 15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Xiberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle-kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea/eskualdea.

Abiatzea 15:30ean izango da.

Bilbo, helmuga
Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan finitu zen azkena, eta 24. KORRIKAn Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin.

Goizeko 07:20ak pasatuta sartuko da Bizkaiko hiriburuan. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurri dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu ostean. Ondoren, egun osoko amaiera-jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.

Hiriburuak
Ibilbidearen xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan egongo dira, esan bezala. Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide... euskara garela erakutsiko du Korrikak 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro eta 3.436 lekuko-hartze inguru egingo ditu euskararen herrian zehar.

Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16:45ean helduko da horra. Donibane Garazin, ordea, martxoaren 20an, ostiralarekin, izango da, gaueko ordu txikietan (02:50ean).

Iruñera, aldiz, martxoaren 22an iritsiko da, igandearekin; Alde Zaharrera bazkalorduan/bazkalostean helduko da bete-betean, 14:30ean.

Martxoaren 24an, asteartea, Baionaren txanda iritsiko da, 20:30ean. Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da: goizeko 08:15ean Altzan, 9:30ean Intxaurrondon, 11:00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11:55).

Tipi-tapa! Atsedenik hartu gabe, 27an, ostirala, 21:00ak aldera, Gasteizen lurreratuko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.
(...)
ALBISTEA OSORIK HEMEN: https://www.korrika.eus/eu/component/content/article/inoizko-parte-hartzaileena-izatea-du-helburu-korrikak?catid=86&Itemid=109