Haurrak eta gurasoak, ipuin kontalari
28·03·2022
Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna hurbiltzen ari zaigu (apirilaren 2an ospatzen da) eta aurten Guraso Elkarteak eta Ormaiztegiko Udaleko kultura zerbitzuak egitasmo bat antolatu dute elkarlanean, familia osoaren parte hartzea bultzatzeko helburuz: gurasoak eta haurrak ipuin kontalari (eta entzule) ipini nahi dituzte, gure belarrien gozagarri.
Zer egin behar da? Etxean duzuen liburu oso-oso kutun bat aukeratu (udal liburutegitik maileguan hartutako liburu bat ere izan daiteke, noski), rolak banatu (liburu bakoitzaren arabera, nor izango den narratzailea, nor protagonista, nork egingo duen tigrearena, edo otsoarena, edo sagutxoarena, edo…), pixka bat entseatu etxean eta beste haur eta gurasoen aurrean irakurri. Irakurketari antzezpen punttu bat gehitzen badiozue, tumatxa! -horretan laguntzeko mozorroak izango dira eskura liburutegian bertan-
Ekimen honen bidez hiru xede bilatzen dituzte antolatzaileek: lehendabizikoa, liburuen aitzakian elkarrekin ondo pasatzea, hala haurrak nola gurasoak; bigarrenik, haurren parte-hartzea sustatzea: hirugarrenik, gurasoak haurren irakurzaletasunean eragile aktibo izatea.
Apirilaren 1ean, ostiral arratsaldez, Udal Liburutegian izango da saioa, 16:30etan hasita. Irakurri ez baina entzule bezala joan nahi duena ere beso zabalik hartuko dute. Ipuin kontaketaren ondoren askari goxo bat dastatzeko aukera izango dute parte-hartzaile guztiek.