Berriak
Atzealdea

BALUren ESKUARTZE proiektua

GAUR AURKEZTU DA ORMAIZTEGIN ESKUARTZE PROIEKTUA; BALU ARTISTAK SORTUTAKO KALE HORMA IRUDIA ETA ARTE ERAKUSKETA.

2021·09·24


PRENTSAURREKOAN, JON ENRIQUE GALARZA ORMAIZTEGIKO ALKATEAK, NIKOLAS OSINALDE GURRUTXAGA GOITURREKO ZUZENDARIAK ETA BALU ARTISTAK HARTU DUTE PARTE.

- 200metro karratu baina gehiago neurtzen dituen kale horma irudia margotu du BALUk Ormaiztegin, zubipe kiroldegiko fatxada nagusia herriko historia aurkezten duten bi irudi zoragarrirekin jantziz.

- Irailaren 24tik azaroaren 28a bitartean Ormaiztegiko gizarte etxean ikusgai dago bertan jaiotako BALU artistaren ibilbide profesionala aurkezten duen erakusketa.

Abiapuntua

Badira urte batzuk Ormaiztegiko Udalak BALUren lanaren berri izan zuela; Ormaiztegin jaioa izanik, harreman berezia sortu da artistarekin. Batetik, nazioartean ezaguna den artista bat ormaizgiarra sentitu eta bertako historia munduari ezagutarazteko prest egotearen poza eta ilusioa; bestetik, BALU berari bere jaioterrian bertan bere sorkuntzak aurkezteak sortzen dion zirrara. Faktore guzti hauek batuz sortu da ESKUARTZE.

Ormaiztegiko tren geltoki zaharra 1889.urtean eraikitzen hasi ziren; geralekuak aro berri bat zabaldu zuen Ormaiztegirentzat, kanpoaldearekin komunikazioak erraztu zizkien bertako biztanleei, eta horrek, zalantzarik gabe, merkatarien eta artisauen garapena bultzatu zuen, egungo industrien aitzindari bihurtuz. Udalak BALUri eskatutako lan honetarako aukeratuko argazkia ORMAIZTEGI 1860-1970 liburutik dago hartua, Millan Irizaren Eskutik Elkartea izan delarik honen erabilera baimendu duena.

Udalak eskerrak ematen dizkie egitasmo hau aurrera eramateko bi argazki hauen erabilera utzi duten erakundeei.

Urteen eta unean-uneko aldaketak medio, gaur ukiezin den ondare hori azaleratu, gaurkotu eta ezagutarazteaz gainera, egungo ormaiztegiar zein bisitariengan ikusmira sortuko duen artelana egin du BALUk.

Balu jabetzen da horma-irudia herritarrekin elkar biziko dela, beraz herriaren memoria kolektibo eta historikoa egunerokotasunera eramatea izan du helburu, artelan bat sortuz herriarentzat eta herritarrentzat.

Handitasuna

200 metro karratu pasatxoko irudia sortu du BALUk Ormaiztegin. Espainia zein europa mailan ez omen dago gisa honetako neurri bereko lanik. Lekuan bertan lana osatzeko astebete pasatxo behar izan badu ere, lanik gogorrena aurretik egin beharrekoa izan da. Ia bi hilabetez buru belarri lanean aritu da artelana sortzeko kartulinak prestatzen: moldeak eskuz egin eta lana diseinatu du argazki bakoitza formatu erraldoira egokitzeko beharrezko kapa guztiak osatu arte. 2000 kartulina baina gehiago osotara, eta, dedikazio handia, oso handia.

Israelen jarri zuten jomuga, 267metro karratu neurtzen dituen grafiti lana sortu eta guines errekorra jarrita. Ormaiztegiarrak 60metro karratu eskas falta ditu errekor hori apurtzeko, nork daki, akaso egunen batean proiektuarekin jarraitu eta errekor berri bat jarriko du.

Ormaiztegi eta bertako historia munduan zehar ezaguna egiten jarraitzeko pauso bat gehiago da ESKUARTZE; herri honek bertako zein kanpoko bisitariei erakusteko duen eskaintza turistikoari gehitzeko interesgune garrantzitsua bihurtuko dena.

Ormaiztegiko Udalak eskerrak ematen dizkio BALUri, proiektuan jarritako indar, inplikazio, ilusio eta profesionaltasunagatik.

Azkenik ezin aipatu gabe utzi proiektu honetan laguntzaile izan ditugunak; Gabiriako Udala, GOITUR Goierriko turismo agentzia, Garage Beer, Montana Colors, San Andres Herri Eskola eta Zumalakarregi Museoa, eskerrik asko, guztiei.

Murala bera, edota berau osatzen duten aipatutako bi txokoei buruz gehiago jakin nahi duenak, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museora hurbildu besterik ez du. Bertan, 30 urtetik gora daramatzate mimoz eta ilusioz XIX.mendeko Euskal herria munduari hurbildu eta ezagutarazten, besteak-beste, Ormaiztegiko trenzubi zaharrarera ibilbide gidatuak eskainiz. Sortu berri den margolan hau ibilbide horretan herriko historian gehiago sakontzeko interesgune garrantzitsua izango delakoan gaude.

Erakusketa

Erakusketan, 23 urteko ibilbide profesionalean zehar nazioartean ezagun egin diren lanak nahiz azkenaldian sortu berri dituenak daude ikusgai; kontzeptu teoriko desberdinez baliatu da guztiak garatzeko. Bere lana kaleko kultura eta mundu akademikoaren loturatik dator; estetika eta lenguaia ezberdin eta propioa sortzen ditu.

Ibilbide luze eta aberats horretan hainbat eta hainbat Euskal artista ezagunekin batera lan egin dut BALUk, besteak beste: Fermin Muguruza edota proiektu honen irudi bihurtu den Izaro Andresekin egindakoak, hain zuzen.

Honela, artistak Ormaiztegi herriarekin duen harremana berezia da oso. Bertan jaio eta bizi izan zen zazpi urte inguru bete zituen arte. Familiarekin batera Beasainera lekualdatu zen orduan eta bere ibilbidean zehar New York bezalako hirietan bizi izan da. Gaur egun, Bartzelonan bizi da. Argi dago, leku aldaketa hauek guztiek artearen ikuspegi berezia sortu duten berarengan.

Horma-irudia

BALUren eskuartzeak ezagunak dira artelanek eta hauek kokatuta dauden lekuek duten loturagatik; adibiderik garbiena NYCeko bRoadway eta 26 karrikaren kantoiarena da, non Mikel laboa eta Fermin Muguruzaren erretratuen artelanak itsatsi zituen, “Gaberako Aterbea” abestiari keinu eginez. Artelana eta tokia ikustean, harreman sakona ikus daiteke eta beste diziplina bat sortzen da, hau da, poesiarena.

Hala, Ormaiztegiko Udalak herriaren memoria historikoa islatuko zuen horma-irudia margotzeko eskatu zion. Bera ormaiztegiarra izanik, lan polita izan da berarentzako. Argazki zaharrez baliatuz, bi irudiz osatutako horma-irudia margotu du; Ormaiztegiko bainuetxea eta garai bateko tren geltokia, hain zuzen.

Ormaiztegiko bainuetxea 1854. urtean eraiki eta 1964 urtera arte egon zen martxan. Garai hartan luxuzko lekua zen eta asko ziren bisitan etortzen ziren turista dirudunak. Ormaiztegiri ‘Paris txiki’ deitu izan dionik ere, bada. Egun, ur sufretsuen putzua eta garaiko iturria besterik ez da zutik geratzen, bizilagunen artean Urbeltza izenez ezagutzen dena. Garako iturria murala sortu berri den kiroldegiaren pare-parean dago kokatua, errepidea gurutzatuta. Mende bat atzera Ormaiztegi ospetsu egin zuen bainuetxeko irudia, Juan Carlos Castro Zarauztarraren bildumakoa da, eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zumalakarregi Museotik kudeatzen dute erabilera.