Alkatea
Alkatearen agurra
Jon Enrique Galarza
Gipuzkoako Goierri eskualdean, Ormaiztegi, Eztanda ibaiak osatutako haranean kokaturik dago, hirigunean bertan, ibai honi, Santa Lutzi erreka gehitzen zaiola. 6,9 km2ko azalera du.
Bizileku lasaia eta atsegina dugu Ormaiztegi, jatorrizko bidegurutze izaeraren ondorioz, ondo komunikatutakoa: trenez, autobusez zein autoz bertaratzeko azpiegitura egokiak ditugu.
Historia aberats eta aski ezagunaren lekuko ditugu trenzubi ikusgarria, Zumalakarregi museoa, aintzinako balnearioko iturria, Ander Deuna elizan ikusgai dugun bataio-harri bisigotikoa edo Españolbaso mendia besteak beste.
Hala ere, etorkizunera begira dagoen herria da Ormaiztegi, izan duen tradizio industrialari jarraipena ematen diona munduan ikusgarri egiten duten punta-puntako enpresa mordoxka bilduaz.
Tradizioa eta modernidadearen arteko orekaren isla dugu Ormaiztegi, eta gure izaerari uko egin gabe kalitatezko zerbitzu anitzak izan behar dituen herri modernoa izateko dihardugu lanean. Eta bide honetan, ateak zabalik ditugu gurera etorri eta ezagutu nahi gaituen edonorentzat.