Berriak
Atzealdea

'Zinema ez zen sekula mutua izan' hitzaldia Zumalakarregi museoan

Soinu artista nafarraren saioa antolatu du museoak, 'Pour Don Martin' proiektuaren baitan

2022·02·28


Zumalakarregi Museoan, “Pour Don Carlos” proiektuaren inguruan antolatu dituen ekimen osagarrien barruan, datorren azteazkenean, martxoak 2an 18:30etanXabier Erkizia artistarekin solasaldia izango da. "Zinema ez zen sekula mutua izan" izenburua jarri dio ekitaldiari.

"Pour Don Carlos" filma mutua zen. Hari honetatik tiraka otu zitzaion Zumalakarregi Museoko lan taldeari zinema eta soinuaren inguruan hausnarketa bat egitea interesgarria litzatekeela filma honen alboko proiektuari bukaera emateko. Museoko kolaboratzaileen artean, zalantzarik gabe, ildo honetan sakontzeko aproposena Xabier Erkizia soinu artista da. Museoarekin aspaldiko harremana du eta Berlingo zinema jaialdian sari bat jaso berri, Ormaiztegin berarekin solasteko parada izango da.

Xabier Erkiziaren hitzetan: "Zinemaren Historia, hizki larriz, begizkoa da nagusiki. Nolabait, zinemari, hainbat mendetan zehar margolaritzak bizkar gainean izan zuen irudiarekiko ardura oinordetzan hartu zuela onartzen diogunean, ikusentzunezko medio bati buruz ari garela ahanzteko joera izan ohi dugu. Baina nahi izanik ere, ikusentzunezkoan hezi garenok nekez uler dezakegu mutua den zinemarik. Gehienez ere, isilak diren filmak beha ditzakegu eta ondorioz, zinema soilik begiradaren afera dela ulertzearekin nahikoa eta aski izan ohi dugu. Egia ordea, bertzelakoa da, ze, egiazki sekula ez da zinema muturik izan. Proiekzio orok egiten du soinu eta ikusle orok entzuten du, filmak soinu banda izan edo ez. Beharbada, zinema gorraren historia berrikusteko garaia iritsi da."

Tertulian aurrez izen ematea gomendatzen dugu, parte hartzaile kopuru mugatua. Izen ematea posta elektronikoz eta telefonora deituz egin daiteke:

            mzumalakarregi@gipuzkoa.eus

            943 88 99 00 / 659 43 45 66