Berriak
Atzealdea

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitaraua

'Akelarre' filmak, hitzaldi-topaketak eta '80 amandre' ipuin saioak osatuko dute

2022·03·01


Ormaiztegiko Udalak eta Zumalakarregi Museoak Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitaraua prestatu dute. Ekitaldiak ez dira martxoaren 8ko egunera mugatuko, baizik eta egun batzuk lehenago hasiko dira.

Akelarre filmak emango dio hasiera egitarauari. martxoaren 4ean. Pablo Agüerok zuzendutako filmak Zugarramurdin XVII. mendearen hasieran sorginak izatearen akusaziopean Inkisizioak jazarturiko emakumeen aurkako prozesua kontatzen du. Pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten eta Espainiako Goya sarietan 8 garaikur irabazi zituen, horien artean jantzi eta musika onenaren ataletakoak. 19:00etan hasiko da emanaldia, Gizarte Etxean, eta sarrera doan da.

https://youtu.be/RMl4bKHKu3M

Martxoaren 8an Elkar ezagutuz / ¡Nos conocemos tomando un té? hitzaldi-topaketa izango dugu Gizarte Etxean, 17:00etan hasita.Esperientziak partekatzea helburu duen topaketa interkultural eta belaunaldi arteko horretan nahi duenak har dezake parte giro ireki eta informal batean, katilu batetik txokolate gozo eta beroa dastatu bitartean. Hura amaitutakoan Goierriko Mugimendu Feministak Ordizian deitutako mobilizaziora (19:00etan) joateko gonbitea luzatzen dizuegu.  

Azkenik, martxoaren 12an Dorleta Kortazar ipuin kontalaria izango dugu herrian. 80 amandre helduentzako ipuin saioa eskainiko du Gizarte Etxean, 18:30ean hasita. Jorge Oteizak zioenez, 80 amandre behar omen dira antzinako emakumeak egungoekin lotzeko. Dorleta Kortazarrek 4 amandreren istorioekin osatzen du bere saioa. "Ametsak, desioak, lana eta tristurak mototsean kiribildu eta munduari irribarre egiten ikasi zuten emakumeen istorioak dira. Esku zailduak, sabel puztuak, begirada galduak, eta batez ere irribarrea begietan duten amandreak, amamak, amonak, amatxiak, amumak..." 

https://youtu.be/QIBHwAswvqU