Berriak
Atzealdea

Ormaiztegiko Udalak bere irudi korporatiboa berritu du

Herriaren hiru elementu identifikarriak biltzen ditu.

2023·12·19


Ormaiztegiko Udalak bere irudi korporatiboa berritu du. Armarri ofiziala bazterrean utzi gabe, herrira eta kanpora begira identifikatuko duen irudi berri eta modernoago bat bilatu da, udalaren eta herriaren egungo irudia eta perzepzioa kontutan izango dituena.

Irudi korporatiboa ez da logotipoa bakarrik. Udalaren komunikaziorako bide eta euskarri ezberdinetan erabiltzeko elementuak jasotzen ditu, hala nola kolorea, logotipoaren aldaera ezberdinak edota letra tipoa, besteak beste.

Iraganean armarriak jasotzen dituen elementuak  herriaren identifikagarri izan bazitezkeen ere, ez dute bat egiten Ormaiztegik gaur egun duen irudi eta izaerarekin. Hori dela-eta, irudi korporatibo berria bilatzerako garaian, beste elementu batzuetara jo da. Armarriaren ezkutu forma ere aldatu egin nahi izan da, erdi aroko sinbologia beliko hori ordezkatuz.

Irudi berria egiterako garaian hiru elementuekin jokatu nahi izan da. Trenzubiak, herriaren ikur nagusiak hartzen du irudiaren erdigunea, protagonismo berezia hartuz. Behean bi errekak irudikatzen dituzten formak daude, bata herriaren alde batetik eta bestea bestetik datorrena, bat egiten dutela irudikatuz. Atzean berriz, Ormaiztegi inguratzen duten mendien silueta dago, kasu honetan, Aizkorriko mendilerroaren forma irudikatuz.