Berriak
Atzealdea

Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzak GABON SUSTRAIAK lehiaketa birtuala irabazi berri du

Lehiaketaren helburu nagusia da herriko gabon kanta berezi eta ez horren ezagunak interpretatuz hauek ezagutzera ematea.

2024·01·22


 

Ormaiztegiko Urmaiz Abesbatzak GABON SUSTRAIAK lehiaketa birtuala irabazi berri du. Herri edo eskualdeko betiko gabon abesti bat euskaraz abestean datza lehiaketa honek, eta, helburu nagusia da herriko gabon kanta ezezagun bat interpretatuz hau ezagutzera ematea. Ormaiztegiko abesbatzak irabazi du 2023ko edizioa, lehiaketa honen laugarrena hain zuzen. Sari banaketa abenduaren 30ean ospatu zen, Errenteriako Helduen Gabon kanten lehiaketako 77.edizioko sariak eman aurrekoan. Erantsita abesbatzako ordezkarien argazkia, saria eskutan dutela.

Argazkian (ezkerretik eskuinera): Belen Iza, Itziar Arozena, Jose Francisco Mendizabal, Rosario Berasategi eta Ione Usabiaga Urmaiz abesbatzako ordezkariak. 

 

Sari banaketan, epaimahaiak goraipatu zuen Urmaiz abesbatzak kantu berezi hau identifikatzeko egindako ikerketa eta abesti hau etorkizunean ezagunago izan dadin egin duten zabaltze lana. Honela laburbildu dute abesbatzako kideek:

Abesti hau nork egina den eta noizkoa den ere ez dakigu. Azken urte hauetan galdezka aritu gara baina ez dugu aurkitu gauza handirik. Herriko zaharrenek beraien gogoan “betidanik" abesten dela Ormaiztegin eta gurasoengandik ikasi dutela esan digute. (Esperanza Irizar Camposek , orain 95 urte dituenak, bere aita eta amak ere abesten zutela esan digu, era hauek, gurasoak 1900 eta 1903 urtean jaioak dira). Partiturik gabe jo izan dute gaur arte soinujoleek, Belarriz ikasita aurrekoei. Eta abeslariak ere hala ikasi dugu: ahozko trasmisioa izan da belaunaldi batetik hurrengora. Goraipatzekoa da baita ere XX mendearen 60-80 hamarkada inguruan, Pascual Larrañagak egin zuen lana. Txistu eta musika irakaslea izateaz gain, parrokiako organu Jolea izan zen. Eta haur eta gaztetxo taldeei erakutsi zien abesti hau, gabon egunean, abenduaren 24ean, kantari ateratzen zituelarik kalez, kale eta baserriz, baserri. Orain, URMAIZ koruak, Xabier Barriolari partituran jartzea eskatu dio eta horrela gure nahia da, ondorengoek ere jaso eta gorde dezatela herriko altxor hau. Ba dakigu eta ondare bizia dugula.

Bideoklip formatuan aurkeztu zuten abestia, ondorengo bideoan ikusten dena, alegia:  

 

Zorionak URMAIZ Abesbatzari lortutako sariagatik eta eskerrik asko urtez-urte egiten duzuen lan bikainagatik.