Web edukia bistaratu

Ondarea

BATAIO-HARRI BISIGOTIKOA

Ormaiztegik Ander Deunaren parrokian gordetzen du antzinako  aztarnarik zaharrenetarikoa: ustez  VIII. mendekoa den bataio-harria. Arte adituen atentzioa deitzen duten hainbat irudi geometriko ditu apaingarri.

 

TRENZUBIA

Zubia Eiffelek egina izan zela uste izan zen urtetan: herriaz harro egoteko arrazoia ormaiztiarrentzat, Zumalakarregi jenerala bertakoa izatearekin batera. Azterketa historikoek argitu zuten halako batean zubiaren egilea Alexander Lavalley ingeniaria izan zela, frantziarra hau ere, ez Eiffel bezain ezaguna. Desilusio apur bat sentitu zuten ormaiztiarrek hori jakitean, baina Zubi Handiak han segitu zuen, beti bezain sendo eta dotore.

1863an eraiki eta hurrengo urteko abuztuan zabaldu zuten, Madril-Paris linea inauguratzean. 289 metroko luzera du eta 34 metroko altuera punturik gorenean; bi mendixka lotzen ditu: bata Beasain aldera, hilerria eta geltokia kokatzen direnekoa, eta bestea, Zumarraga aldera, Gabiriaranzko oinezko bidea doanekoa. Azpitik, Gabiriara eta Liernira daraman errepideak zeharkatzen du zubia. 1912an bikoiztu egin zuten trenbidea eta1928an elektrifikatu.

Burdinbideak herriari eragin zion aldaketa sakonaren lekuko izan zen Serapio Mujika historialaria (Ormaiztegi, 1854): baserri giroko herri izatetik langile, kontratista, ingeniari, hornitzaile eta abarren biltoki bihurtu zen zubia eraikitzeko lanekin, eta horrek garatu egin zuen ekonomia eta zerbitzuen aldetik,

Trenbidearekin, garraio bide nagusien sarean sartu zen herria; Zeraingo eta Mutiloko mea Ormaiztegiko geltokitik bideratzen zen Pasaiara.

Herria XX. mendearen hasieran industrializazioaren bidean sartu zen, eta tren-zubia ikaragarrizko balio estrategikoa zuen; horregatik gerra zibilean bertan behera bota zuten sopleteekin moztuta, frankisten tropek erabili ez zezaten.

Gaur egun  1995ean erabilgarri jarri zen zubi berri bat dauka ondoan, zaharrak Intereseko Ondasun Izendapena  (B.I.C ) izendapena jaso duelarik. Hainbat proiektu egin dira konponketa lanak egin eta balorean jartzeko, baina orain arte egindako ahaleginek ez dute fruiturik eman.

Proiektu berri batean ari da Udala lanean, EHUko Ingeniaritza fakultatearekin batera.

  • viaducto
  • viaducto

 

BAINUETXE ZAHARREKO URBELTZA ITURRIA.

Zubia altxatu zutenean, ia azpian geratu zen Bainuetxea. Ordurako hamar urte zeramatzan martxan; Pedro Zangitu eta beste ormaiztegiar batzuek 1853an zabaldua, udatiarrak erakartzen zituen, ez bakarrik ingurutik, baita Katalunia, Zaragoza eta Madriletik ere, arrautza ustel usaineko ur beltzaren onuraz baliatzera. Urtean 500 bat pertsona jasotzen zituen. Oraindik ere asko dira Urbeltza izenaz ezagutzen den iturriko ura hartzera hurbiltzen direnak. Bainuetxeari dagokionez gaur egun desagertuta  dago, eta bere tokian kirol eremua eraiki zen, Urbeltz frontoia barne.

 

ESPAÑOLBASOA MENDIA

Karlistadetan eta Gerrate Zibilean, inguruko haranak kontrolatzeko leku estrategikoa izan zen. Mendi honetan, Zelaundieta baserriaren inguruan, Tomas Zumalakarregiren garaipen handi bat eman zen,  Carratalá, Espartero, Lorenzo eta Jauregiren tropak atzera bota zituelarik.Honen lekuko dira bertan bisitatu daitezkeen lubaki ederrak.